Leintz-Gatzaga ESNARGIra batzen da – Komunitatea handituz doa

Eskoriatza eta Leintz-Gatzagak indarrak batu ditugu energia komunitate bakarra sortzeko. Elkarlan honi esker, trantsizio ekologikoari lotutako egitasmoak modu koordinatuan eta sinergiak aprobetxatuz garatuko ditugu. Lehen emaitza zehatza bidean da dagoeneko: Leintz-Gatzagako teilatu batean eguzki-plaketan oinarritutako 67 kW-ko autokontsumo proiektua prestatzen ari gara, 2027ko udaberrirako martxan egongo dena.

Proiektua eta energia komunitatea ezagutzera emateko herri-bilera bat egin genuen irailaren 16an Leintz-Gatzagan, eta erantzuna oso positiboa izan zen. Bazkidetza kanpaina berri bat prestatzen ari gara, laster zabalduko dena, Leintz-Gatzagako zein Eskoriatzako bizilagunek izena eman ahal izan dezaten.

Esnargitarrok Leintz-Gatzagako herritarrak etorkizuneko erronketan bidelagun izateko ilusioarekin ekin diogu bide berriari.